Txikitan, nagusitan zer izan nahi dugun galdetzean denok ditugu gure amets arrosak eta denbora laburrean aldatzen ditugu bizitzen ditugun esperientzien arabera. Egun batean erizaina izan nahi dezakegu txertoa jarri digutelako, baina hurrengoan dendaria izatea interesgarriagoa iruditzen zaigu.
Nagusiagoak egitean,
esperientzia gehiago bizi izan ditugunez, amets egonkorragoak ditugu, benetan
betetzea espero ditugun horiek. Gure ezagutza gero eta handiagoa da eta nagusitan
egingo dugunarekin gero eta zerikusi gehiago du. Mundua jango dugula uste dugu.
Eta zergatik ez?
Momentu horretan agertzen dira irakasleak,
tutorea, gurasoak. Ordura arte, zure ametsengatik galdetzean beren onarpena
ematen zizuten horiek ametsak amets direla esaten hasten dira, bizitza gauza
serio bat dela. Hasieran leunki eta gero indarrez, zure etorkizuna beraien
gustura bideratzen hasten dira. Baina autoritate dira, eta beraiek esaten
dutenez, “zure onerako da”.
Ilusioz eta konfiantzaz
betetako gizakitxoak gara gaztetan. Ez gara umeak. Pentsatuta hartzen ditugu
erabakiak. Ez gara helduak. Gure desirak eta ilusioak kontuan hartzen ditugu
erabakiak hartzerakoan, ez betebeharrak bakarrik. Zer gehiago eskatu behar da
ba planteatzen zaizkigun arazoak gainditzeko? Ilusio eta konfiantzak arazoak
gainditzeko eta nahi duguna lortu ahal izateko indarra ematen digu, eta benetan
lortu ezin badugu ere, ahalegindu egingo gara, eta gure azken zelularekin
ahalegindu ere. Ez al da hori betidanik eskatu digutena? “Ez ezazu esan ezin duzula ahalegindu baino lehen”. Ba orduan,
zergatik ari zara zu niri esaten zer egin dezakedan eta zer ez? Zergatik esan
ezin dudala nik gustuko dudana egin? Ezingo dut lortu? Ezingo dut zure baitan
dauden objektibo horiek bete bide honetatik?
Askotan beste batzuen
frustrazio eta antzinako nahiak lortzeko tresna bihurtzen gaituzte, gu
konturatu ere egin gabe. Sarritan, konturatzen garenerako beranduegi da. Jada
ekin diogu beste bide bati. Agian ez da beranduegi geure bidea berraukeratzeko,
baina duda hor dago: “Gai naiz? Ez?
Zergatik esan didate orduan hori ez egiteko?” Galdera horien erantzunak
kanpotik ikusita oso errazak dirudite, baina zuri horrelakorik gertatu izan
bazaizu jakingo duzu zertaz ari naizen. Behin dudaren hazia landatuta dagoela,
presioaren ongarriarekin izua ikaragarri arin eta indartsu loratzen da.
Azkenean, bidetik bidera sastrakak daudela ikusita eta izu horrek bultzatuta,
aurrera jarraitzen dugu. Badaude determinazioz beterik sastrakak igarotzen dituztenak.
Horietako bat izan nahi nuke. Baina orain beranduegi dela dirudi. Horrela
izango da? Eta bidez aldatzen banaiz eta hori ere ez bada nik nahi dudana?
Gaur egungo gizartean dena ahal
bezain laster egin behar dela erakusten da. Ikastola 16 urterekin bukatu.
Institutua 18rekin. Unibertsitatea 22rekin. Gero lana bilatu, master bat egin…
Inoiz ez da bukatzen, benetan bizi nahi baduzu epe bat duzu eta onena izan
behar zara. Presioa da bizitza honen gakoa. Horrela al da? Zer gertatzen da,
horrela ez bada, mundua bukatuko da Maiek esan bezala?
Zenbat eta gehiago pentsatu
zentzugabekeria handiagoa dirudi, baina askotan errazagoa da ez pentsatzea,
ezta? Hau irakurtzen baduzu, mesedez, pentsatu, egin gogoeta zure ilusio amets
eta etorkizunari buruz. Bizitza ez da infinitua, denak bere bukaera du, baina
bizitza luzeegia da okerreko bidean zehar bidaiatzen ibiltzeko. Nekagarria
litzateke beste pertsona baten bizitza bizitzea. Nik ez dizut eskatuko ezer, ez
dizut inposatuko ezer, baina badiotsut, ni saiatuko naiz nire bidean aurrera
egiten, ahal bezain beste eta ilusioz beterik, ilusioa baita bizitzeko grina
ematen duena.
No comments:
Post a Comment