Monday, September 2, 2013

Zertan nabil? Hau al da nire bidea?



Txikitan, nagusitan zer izan nahi dugun galdetzean denok ditugu gure amets arrosak eta denbora laburrean aldatzen ditugu bizitzen ditugun esperientzien arabera. Egun batean erizaina izan nahi dezakegu txertoa jarri digutelako, baina hurrengoan dendaria izatea interesgarriagoa iruditzen zaigu.

Nagusiagoak egitean, esperientzia gehiago bizi izan ditugunez, amets egonkorragoak ditugu, benetan betetzea espero ditugun horiek. Gure ezagutza gero eta handiagoa da eta nagusitan egingo dugunarekin gero eta zerikusi gehiago du. Mundua jango dugula uste dugu.

Eta zergatik ez?

Momentu horretan agertzen dira irakasleak, tutorea, gurasoak. Ordura arte, zure ametsengatik galdetzean beren onarpena ematen zizuten horiek ametsak amets direla esaten hasten dira, bizitza gauza serio bat dela. Hasieran leunki eta gero indarrez, zure etorkizuna beraien gustura bideratzen hasten dira. Baina autoritate dira, eta beraiek esaten dutenez, “zure onerako da”.

Ilusioz eta konfiantzaz betetako gizakitxoak gara gaztetan. Ez gara umeak. Pentsatuta hartzen ditugu erabakiak. Ez gara helduak. Gure desirak eta ilusioak kontuan hartzen ditugu erabakiak hartzerakoan, ez betebeharrak bakarrik. Zer gehiago eskatu behar da ba planteatzen zaizkigun arazoak gainditzeko? Ilusio eta konfiantzak arazoak gainditzeko eta nahi duguna lortu ahal izateko indarra ematen digu, eta benetan lortu ezin badugu ere, ahalegindu egingo gara, eta gure azken zelularekin ahalegindu ere. Ez al da hori betidanik eskatu digutena? “Ez ezazu esan ezin duzula ahalegindu baino lehen”. Ba orduan, zergatik ari zara zu niri esaten zer egin dezakedan eta zer ez? Zergatik esan ezin dudala nik gustuko dudana egin? Ezingo dut lortu? Ezingo dut zure baitan dauden objektibo horiek bete bide honetatik?

Askotan beste batzuen frustrazio eta antzinako nahiak lortzeko tresna bihurtzen gaituzte, gu konturatu ere egin gabe. Sarritan, konturatzen garenerako beranduegi da. Jada ekin diogu beste bide bati. Agian ez da beranduegi geure bidea berraukeratzeko, baina duda hor dago: “Gai naiz? Ez? Zergatik esan didate orduan hori ez egiteko?” Galdera horien erantzunak kanpotik ikusita oso errazak dirudite, baina zuri horrelakorik gertatu izan bazaizu jakingo duzu zertaz ari naizen. Behin dudaren hazia landatuta dagoela, presioaren ongarriarekin izua ikaragarri arin eta indartsu loratzen da. Azkenean, bidetik bidera sastrakak daudela ikusita eta izu horrek bultzatuta, aurrera jarraitzen dugu. Badaude determinazioz beterik sastrakak igarotzen dituztenak. Horietako bat izan nahi nuke. Baina orain beranduegi dela dirudi. Horrela izango da? Eta bidez aldatzen banaiz eta hori ere ez bada nik nahi dudana?

Gaur egungo gizartean dena ahal bezain laster egin behar dela erakusten da. Ikastola 16 urterekin bukatu. Institutua 18rekin. Unibertsitatea 22rekin. Gero lana bilatu, master bat egin… Inoiz ez da bukatzen, benetan bizi nahi baduzu epe bat duzu eta onena izan behar zara. Presioa da bizitza honen gakoa. Horrela al da? Zer gertatzen da, horrela ez bada, mundua bukatuko da Maiek esan bezala?

Zenbat eta gehiago pentsatu zentzugabekeria handiagoa dirudi, baina askotan errazagoa da ez pentsatzea, ezta? Hau irakurtzen baduzu, mesedez, pentsatu, egin gogoeta zure ilusio amets eta etorkizunari buruz. Bizitza ez da infinitua, denak bere bukaera du, baina bizitza luzeegia da okerreko bidean zehar bidaiatzen ibiltzeko. Nekagarria litzateke beste pertsona baten bizitza bizitzea. Nik ez dizut eskatuko ezer, ez dizut inposatuko ezer, baina badiotsut, ni saiatuko naiz nire bidean aurrera egiten, ahal bezain beste eta ilusioz beterik, ilusioa baita bizitzeko grina ematen duena.